Josu Novok estresa zelan identifikatu eta gestionatu azaldu digu

Ezin genuen hasiera hoberik izan gure 2018ko kultur-jarduerentzat. Joan den asteko zine-forumean, dibertitzeaz gain, asko pentsarazi zigun pelikula ikusi ostean, astearte honetan, Biziduneko ehundik gora kide eta lagunek topaketa berri bat izan dugu Josu Novorekin.

Oraingoan Josu Novok XXI. mendeko arazo bati buruz egin digu berba: *estresa*. Bere estilo bero eta hurbilaz, zehaztasunez deskribatzen jakin izan du estresaren ezaugarri esanguratsuenak, eta izaki bizi guztiok estresa izateko arrazoiak zeintzuk diren.

Ondoren ikus-arazi digu pentsamendu ezkorrak izateko gizakiok daukagun joera eta prozesu natural bat gaitz kronikoan bihurtzeko arazoa.

Eta bere hitzaldi bikaina, estresaren arazoak ekiditeko puntu hauek azpimarratuz amaitu du: gure gorputzari entzuten jakin, patxada izan eta agresibitatea eta ezkortasuna saihestu

Bere hitzaldian erabilitako diapositibak ikus ditzakezu lotura honetan klik eginda.

Advertisements

Gorozika – Amorebieta

Goiz hotza eta umela hurbileko bailara honetara desplazatu garen ostiral honetakoa. Esan behar dugu, bailara hau hurran egon arren, gutxitan joaten garen lekua dela. Goizean zehar busti barik egon garen momentu bakarra, segurutik, autobusean egon garenekoa izan da. Pixka bat atertzen bazuen, berriro indar handiagoz euria botatzeko zen edo txingor zaparrada; baina jendea ondo hornitua doa: anoraka, euritakoa, bota onak…eta eguraldi txarrari aurpegi ona jarri eta goizaz disfrutatzera.

Gorozikaraino autobusez igo ginen. Gorozikako erdiguneak harritu egiten du: arkupedun eliza ederra nabarmentzen da, plaza bere karrejoarekin, sagardotegia, erretegia, eta baserri multzoa, euretatik bat bereziki nabarmentzen da landare eta lorez dotore hornitua dagoelako.

Eliza ondoan argazkia atera ondoren hasi genuen gure ibilaldia gorantz zihoan pista batetik, gero bide zidor batetik eta bata bestearen atzetik ilaran Arburu tontorrera heldu ginen, 552 metrotakoa. Eguraldi onarekin bista ederrak dituela esaten dute, 360ºkoa, itsasotik kostara eta barnekaldera Gorbeia, Anboto, Udalaitz, Ganekogorta, e.a…. oraingoan argazkia ateratzeaz konformatu gara.

Pistara itzultzen gara eta orain ia lautadan Arlabane eta Kurtze Tontorretik Bizkargi tontorrera abiatzen gara, 557metrotakoa, guda zibilean bertan izandako borrokaldiagatik pisu historiko handia duen tokia. Hemen, Santa Kruz ermitaren arkupean, ogitartekoa jan genuen eta bertan jarrita dagoen plaka bisitatu genuen, non hau esaten duen:
Gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak,
burruka hortan iraungo duten zuhaitz-ardaska gazteak.”

Kurtze Tontorretik itzultzerakoan, 559metro, Erribasoak eta Zulokortatik pasatzen gara, elektrizitate linearen azpitik. Hemendik aurrera dena jaitsiera da, ibilbide onarekin Larrearaino. Baina zelan ez ginen asko geratu argazkiak ateratzen edo paisaia behatzen, denboraz sobran genbiltzan eta San Bartolome ermitaraino joatea proposatu zen eta horrela egin genuen. Ez dakit egunik onena izan zen frogatzeko, zeren eta, lupeztutako bide batetik pasatu behar izan genuen, Munitxa parean batez ere. Baina ez da ezer gertatzen, prestatuak gaude, gainera, gure gidariak ere erratu daitezke beste batzuek bezala.

4tik 5era kalifikatutako etapa izan da, baina 3 batekin nahikoa izango zuena. Larreara ailegatuta amaitu zen ibilaldia eta hemen loratutako mimosek agurtu gintuzten udaberriaren etorrera hurran zegoela iragartzen zigutelarik.

Sasoi baten hain fin zebilen sorgintxoa ostiralarekin batera oporretan joan dela esan daiteke eta ez dizkigula lainoak garbitzen. Burduntzi egunean ereinotz adartxo batzuk erreko ditugu euren usaindun keaz bere arreta itzultzeko eskatuz.

Ibilaldia: 12,57 Km.
Denbora: 3:50 h.
Igoera: 418 m.
Jaitsiera: 548 m.
Gehiengo kota: 559 m.
Gutxiengo kota: 85 m.
Parte hartzaileak: 37, andrazko eta 24 gizonezko.
Argazki albumera lotura.

Errotan zine foruma

2018ko lehen kultur jarduera zine forum saioa izan da eta, 2017an antolatuak bezala, Traña-Matienako Errota Kultur Etxean izan da.
Ikusi dugun pelikula *A propósito de Schmidt *izan da. Bertan Warren Schmidt protagonistak, jubilaziora ailegatu ondoren, bizitzak dakartzan aldaketei eta bere bizitza pertsonaleko beste gertaera batzuei aurre egin behar die.
Komedia eta drama tartekatuz hainbat hausnarketa planteatu zizkigun eta ondorengo elkarrizketa labur, baina interesgarri batera bideratu. Bertaratutakoen iritzia, orokorrean, pelikula ikustea merezi izan zuela izan zen eta taldean gure iritzia emateko beldurra kendu egin behar dugula.
Ekintza honekin jarraituko dugu 2018an zehar eta hurrengo pelikula martxoaren 6an izango da.
Jarduera honetako argazkiak hemen klik eginda ikus ditzakezue.

V GR Mikeldi. Gerediaga – Elorrio

Urtero lez, Mikeldi GR hau herri ezberdinean hasi eta amaitu genuen, eta urtero lez ibilaldiaren norantzakoa ere aldatu genuen bidearen ñabardura ezberdinak behatzeko asmoz. Izan ere, natura, historia, hizkuntza eta kulturak bat egiten duten ingurune eder honetan. Espazio honetan, hain zuzen, eraikitzen dugu gure identitate propioa.
Oraingoan ibilaldiaren hasiera emateko lekua toki esanguratsu bat da: Abadiñon Gerediagako zelaian. Toki honetan gure aurretikoek Durango Merindadeko Batzarrak ospatzen zituzten, eta gaur egun ere, urtean behin, Bizkaiko Jaurerriko Batzar Nagusia ospatzen da.
Taldearen argazkia zelaiko mugarrietan egin nahi genuen, baina udaleko langileak ez ziren adostutako orduan ailegatu eta sarrerako eskaileretan egin behar izan genuen.
Ibilaldia egun euritsu baten hasi genuen, hasieratik amaierara, baina jendeak gogoz parte hartu zuen, apuntatutako denak eta besteren bat gehiago. Astolatik pasatu ginen Abadiñoranzko bidean. Abadiñoko udalean arduradun nagusiak egin zigun harrera. Argazkia atera ondoren, Erdi aroko kaltzadatik Olondorantz jarraitu genuen geure ibilaldia; hementxe izan zen lupetza zapaldu genuen toki bakarra, beste bidea baserri artetik zihoan asfaltatutako bidetik egin genuen eta honek erraztu zigun egun euritsu honetako ibilaldia,
Etenbako igoera batek Sagastaraino eroaten gaitu. Auzo honetan ondo zaindutako baserri ezberdinak behatu ahal ditugu. Pixkat gorago, Santa Luzia ermitan, geraldi txiki bat egiten dugu hornitzeko; baina egunak luzaro ez geratzeko aholkatzen du, hotz egiten du eta. Horrela bada, jarraitzen dugu gure bidea Axperaino etenbako jaitsieran eta handik, Martzatik zehar Atxondoraino, aintzina trena Toperaino zihoan bide berdea aprobetxatuz.
Ibilaldia: 11,603 Km.
Denbora: 3:10 o.
Igoera: 274 m.
Jaitsiera: 260 m.
Gehiengo kota: 358 m.
Gutxiengo kota:120 m.
Parte hartzaileak: 69, 29 andrazko eta 40 gizonezko.
Argazki albumera lotura.

Otxandio – Otxandio

Gaurkoa etapa erlaxatua. Perspektibak ez ziren onak eta ibilaldia egokitu egin dugu dagokion egoerara. Autobusak Otxandioko gasolindegira hurreratu gaitu. Gure inguruan elurra dago eta euri fina ari du goiz fresko honetan. Atzoko euri jasak gure planak lardaskatu zituen, baina egunak polita ematen du eta aurreikuspenak ez dira hain txarrak.
Errepidera atera gara denok formal Andaparaluzeta auzotik zehar mendi ibilbideetan sartzen joan gara, elur gutxi eta ur asko, eguna oso lainotua baina espiritua topera. Pinadi eta landak zeharkatuz goaz, baserriak saihestuz, ibilbideak duen zailtasunik handiena ibarretako ur putzu batzuk; zati batzuetan GR38ko bide zidorra jarraitu dugu (Ardoa eta arrainaren Ibilbidea)
Orografiaren zailtasun txikiak saihestuz Olaetako elizara hurreratu gara eta hemendik dozena erdi baserri dituen auzora. Hemendik Pol Polerako bidea jarraitu dugu, Urdelatzarantz; paisaian elurra nagusitzen da eta bideetan ura. Horregatik, hornitu ondoren, itzulerako bidea hasi dugu berriro Olaetatik pasatuz, Iluntxo ingurutik eta bide zidor ezberdinetatik Otxandiora heldu gara; hemen autobusa daukagu itxaroten, baina goiza hornitze aldera, *pote* bat hartzeko astia eman digu eta etxerako buelta.
Ibilaldia: 12,73 Km.
Denbora: 3:40 o.
Igoera:178 m.
Jaitsiera: 185 m.
Gehiengo kota.: 635 m.
Gutxiengo kota.: 554 m.
Parte hartzaileak: 46, 20 andrazko eta 26 gizonezko.
Lotura argazkien albumera.

Urrejola Memoriala

Patxi Urrejola, “OTXANDI”, Otxandion jaioa eta Berrizen urte askotan bizi izandakoa. Alturaz txikia baina ekintzetan handia; sari asko irabazi zituen mendi-ibilaldietan, eta bizikleta ere ondo joaten zitzaion. Mendia urrun samar bazegoen, sarri, bizikletaz joaten zen mendi barreneraino, tontorrera oinez igo eta etxera bizikleta pedalei emanez itzultzen zen.
Orain Berrizko herriak bere oroimena mantendu gura du eta zer hobea oinez ibilaldiak antolatzea baino, herriaren mugetatik zehar ibiliaz eta aukeratutako data urteko azken eguna, Gabon Zahar eguna. Oraingoan 206 pertsonek hartu zuten parte eta guztiei opari txiki bat egin zitzaien: motxila-poltsa bat, oso praktikoa ibilaldi txikietarako.

Nahiz eta ibilaldi hau Berrizek antolatu, *Biziondoko* kideek ere ez dute galdu nahi izan eta elkarteko ohizko lankideetako pare bat dozenak parte hartu du bertan.
Ordutegiarekin arazoren bat egon zen eta batzuk minutu batzuk beranduago heldu ziren, baina Okara heldu baino lehen taldearekin bat egin zuten. Eguna, ibiltzeko aukerakoa, freskotxo eta lainotuta, baina eguna aurrera egin ahala hobetzen joan zen.
Zengotitarantz igotzen jarraitu genuen, San Juan ermitan geratu ginen talde handiaren argazkia ateratzeko. Handik laster mendi-ibilbide batzuetan sartu ginen, azken euriteak direla eta, nahiko lupeztuta zeudenak. Igotzen jarraitu genuen Deskargarantz eta hemendik inguratzen gaituzten mendiak ikusi ahal izan genituen, eguzkia ere ikusten zen eta hodeiertza berarekin batera.
Apur bat jaisten, ibilbide lupeztuak eta asfaltozkoak tartekatuz, San Migel ermitara ailegatzen goaz; hemen ogitarteko ederrak euren salda beroaz eta ardo tragoaz edo bakoitzak gura duenaz (zeren eta ez zen ezer falta). Solasaldi animatuan hartu genituen eta ondoren Olakuetaraino jaitsi ginen, Berrizko plaza, eta hemen Urrejolaren ilobari lore-txorta bat eman zitzaion. Horrela amaitu zen zen 31. memoriala 2017ko abenduaren 31 honetan
Ibilbidea: 10,65 Km.
Denbora: 2:40 o.
Igoera: 375 m.
Jaitsiera: 375 m.
Gehiengo kota: 480 m.
Gutxiengo kota: 175 m.
Biziondoko partehartzaileak: 26, 10 emakumezko eta 16 gizonezko.
Argazkien albumera lotura.

Ana Badiolak gizarte-partehartzeari buruz jarduna

2017ko azken hitzaldia Ana Badiolak emandakoa izan da. Ana Badiola psikologoa da eta une honetan Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoko pertsona nagusien sailean ari da dinamizazio lanetan.

Bizidunek hitzaldi honekin zera lortu nahi zuen: erretiroa heltzen denean gizarte ekintzetan parte-hartzeak dituen onuren gainean hausnarketa egin eta 2017ko urtean gure elkartean sartu diren kide berriak, Bizidunek garatzen dituen ekintza ezberdinetan aktiboki parte hartzera animatu.

Bere saioan, Ana Badiolak, gizarte egoera berri bati buruz berba egin zigun. Gizarte honetan adinekoen kolektiboa gero eta gizarte-pisu handiagoa lortzen ari da, urte gehiago bizi eta osasun-egoera hobean hartzen ditugu eta. Honako hau ere ikus arazi zigun: mundu aldakor honetan familia-estruktura nabarmen aldatu dela.

Baina aldaketa garrantzitsu hauen erdian, pertsona nagusiok zer eman asko daukagula ikusarazi zigun Anak; izan ere, eginkizun inportantea betetzen dugu familiaren euskarri eta laguntzaile lez, gaitasun handiekin bizitzako arlo askotan eta gizarte-harremanetan.

Eta gure familia eta gizarte inguruari egiten diogun emate horretatik guztiok aterako gara onuradun, bai gu geu eta baita inguratzen gaituztenak. Bizitza-proiektu horretan adina ez da inolako muga. Anaren hitzetan *parte-hartze hori benetan baldintzatu dezakeena pertsonaren osasun egoera da.* Horrela bada, gure gizartean parte aktiboa izatea onuragarria da gure ingurukoentzat eta guztiz gomendagarria guretzat

Lotura honetan Anak azalpenean erabili zuen aurkezpena ikus dezakezu eta beste honetan saioko argazkien albuma.